Lexikoa

Agintaldia
Agintaldia da, zenbat denborarako hautatzen den senatari bat, denboraldi horrek irauten duena. Normalena da agintaldiak lau urtekoak izatea, baina baliteke gutxiago irautea, litekeena da-eta Gobernuak aldez aurretik desegitea Senatua.
Batzorde txostengilea
Batzorde baten barruan gai jakin bat edo lege jakin bat aztertzeko eratzen den organo espezializatua da. Gai jakin bat aztertzeko eratzen den batzorde txostengileari “azterketa-batzorde txostengile” esaten zaio, eta lege jakin bat aztertzeko eratzen denari, “batzorde txostengile legegile”. Parlamentuko talde ezberdinetako senatariek eratzen dute.
Batzordea
Gai jakin batean adituak diren senatariek osatutako lan-taldeak dira batzordeak, eta eztabaidatzeaz, Gobernua kontrolatzeaz eta legeak prestatzen parte hartzeaz arduratzen dira. Parlamentuko talde guztiek dituzte ordezkariak batzordeetan.
Batzordearen irizpena
Batzorde batek lege bat prestatu bitartean onartutako aldaketak biltzen dituen testua da.
Bilkura-aldia
Ganberak beren funtzioak betetzeko bil daitezkeen aldia da. Bi bilkura-aldi arrunt daude urtean: otsailetik ekainera bata, eta irailetik abendura bestea. Bitarte horietatik kanpo, ohiz kanpoko osoko bilkurak izan daitezke, Diputazio Iraunkorrak eskatzen dituenean.
Bozeramaileen Batzarra
Senatuko lehendakariak eta unean uneko talde parlamentarioen bozeramaileek eratutako organoa da. Osoko bilkuretan eztabaidatuko diren gaiei buruz erabakitzen parte hartzen du, eta iradokizunak eta oharrak egin ditzake Ganberaren funtzionamenduaren gaineko gaiei buruz.
Bozketa
Zer aukera nahi edo nahiago den adierazteko prozesua da. Herritarrek bozkatzen dutenean, beren ordezkariak hautatzen dituzte, zenbait hautagairen artetik. Senatariek bozkatzen dutenean, berriz, beren iritzia ematen dute, eta erabakitzen laguntzen dute. Bozkatzeko modu asko daude: boto-txartelak, eskua altxatzea, boto elektronikoa... Era berean, gauza asko adieraz daitezke botoaren bitartez: ekimen baten alde egotea, kontra egotea, abstentzioa, kargu baterako aukeratzen den hautagaia... Azkenik, erabakiak onartzeko beharrezko gehiengoa askotarikoa izan daiteke: soila, absolutua, indartua...
Desegin
Parlamentua desegitea da, Parlamentua zer alditarako hautatzen den, Parlamentuaren lana aldi hori bukatu baino lehenago ematea amaitutzat. Parlamentua desegitea erabakitzearekin batera, hauteskundeetara deitu behar da. Ganberen jardunaren jarraitutasuna bermatzeko, diputazio iraunkorrek haien botereak zaintzen dituzte Gobernuak Parlamentua desegiten duenean.
Diputatuen Kongresua
Senatuarekin batera, Gorte Nagusiak osatzen ditu. “Behe Ganbera” ere esaten zaio, eta sufragio unibertsal, aske, berdin, zuzeneko eta sekretu bidez hautatutako 300 diputatuk osatzen dute gutxienez, eta 400ek gehienez. Estatuko legeak prestatzen parte hartzen du, Estatuko aurrekontuak onartzen ditu, Gobernuaren lana kontrolatzen du eta Gobernuko presidentea hautatzen du, eta presidenteari babesa kendu ere egin dezake.
Diputazio Iraunkorra
Senatua biltzen ez denean haren botereak zaintzeaz arduratzen den organoa da. Bilkura-aldien artean jartzen da martxan –ohiz kanpoko osoko bilkura egiteko eska dezake orduan–, baita Gobernuak Senatua desegiten duenean ere, ganbera berria eratu bitartean. Senatuko lehendakaria du buru, eta hogeita bat kidek osatzen dute gutxienez; talde parlamentarioek izendatzen dituzte kideak, bakoitzaren kide kopuruarekiko proportzioan.
EAO (BOE)
Estatuko Aldizkari Ofiziala da; legeak, xedapenak eta nahitaez argitaratu beharreko gainerako egintzak argitaratzeko bitartekoa. Segurtasun juridikoa bermatzeko, beharrezkoa da arauak argitaratzea, argitaratutakoa bakarrik betearaz baitaiteke.
Eraketa-bilkura
Senatuko senatari guztiek hauteskundeak igarota egiten duten lehen bilera da. Senatuko lehendakaria, lehendakariordea eta idazkariak hautatzen dituzte bertan.
Erregeak berretsi
Erregeak arau bat berrestea da legegintza-prozeduraren azken fasea: dena delako araua EAOn argitaratzeko prest dagoela egiaztatzea. Erregeari dagokion egintza formal bat da, baina erregeak zor duen eskumen bat ere bada, eta erregeak ezin dio uko egin legeak berresteari.
Galdera
Senatariek Gobernua kontrolatzeko tresna nagusia da, eta Gobernuak idatziz edo ahoz erantzun behar dio, osoko bilkuran edo batzorde baten bileran. Senatariek ezin dute egin beren edo pertsona jakin baten interesekoa bakarrik den galderarik, ezta kontsulta juridiko hutsik ere.
Gobernua
Estatuaren barne- eta kanpo-politika, administrazio zibila eta militarra eta defentsa zuzentzen ditu. Funtzio betearazlea du, eta araudiak emateko eskumena du, Konstituzioarekin eta legeekin bat. Gobernuko presidenteak Diputatuen Kongresuko kideen babesa lortu behar du, eta, ondoren, presidenteordeak eta ministroak izendatzen ditu.
Gobernua kontrolatzea
Senatuak informazioa eska diezaioke Gobernuari, haren lana azter dezake, eta norabide jakin batean esku hartzeko eska diezaioke. Gobernua kontrolatzeko biderik ohikoena senatarien galderak dira.
Gorte Nagusiak
Espainiako Parlamentua da, eta Diputatuen Kongresuak eta Senatuak eratzen dute. Espainiako herria ordezkatzen du Parlamentuak, Estatuaren botere legegilea erabiltzen du, Estatuko aurrekontuak onartzen ditu eta Gobernuaren lana kontrolatzen du.
Hautatua
Sufragio unibertsal, zuzeneko eta sekretu bidez, probintzia bakoitzeko herritarrek lau senatari hautatzen dituzte, zuzenean. Uharteetako probintzietan, berriz, irlako kabildoa edo kontseilua duen uharte edo uharte talde bakoitzak barruti bat eratzen du senatariak hautatzeko helburuetarako. Hiruna senatari dagozkie uharte nagusiei (Kanaria Handiari, Mallorcari eta Teneriferi), eta bat honako uharte edo uharte talde bakoitzari: Eivissa eta Formenterari, Menorcari, Fuerteventurari, Gomerari, Hierrori, Lanzaroteri eta Palmari. Azkenik, Ceutako eta Melillako herritarrek bina senatari hautatzen dituzte.
Hauteskundeak
Sistema demokratikoen barruan dauden herritarrek beren ordezkariak hautatzeko (bozkatzeko) prozesua da. 18 urtetik gorakoek bozka dezakete, eta hautagaiek 18 urte izan behar dituzte gutxienez.
Hemizikloa
Senatariek bertan egiten dituzte Senatuko osoko bilkurak, eta bakoitza aulki batean esertzen da. Zirkuluerdi-formakoa da hemizikloa, eta horrexegatik du izena horrela. Lehen ilaran, banku urdina dago: Gobernuko kideen bankua.
Interpelazioa
Senatariek osoko bilkuretan Gobernuari interes orokorreko gaiei buruzko azalpenak eskatzeko bitartekoetako bat da.
Izendatua
Autonomia-erkidego bakoitzeko parlamentuak senatari bat izendatzen du gutxienez, baita beste senatari bat bere lurraldeko milioi biztanle bakoitzeko.
Legea
Arau nagusia da, herritarrek hautatutako ordezkariek hartzen baitute parte legeak prestatzen eta onartzen. Muga bakarra du: Konstituzioa errespetatu behar izatea. Herritar eta botere publiko guztiek bete behar dituzte legeak.
Legegintza-funtzioa
Diputatuen Kongresuarekin batera, legeak prestatzen parte hartzen du Senatuak. Hala ere, egia esan, Diputatuen Kongresua da nagusi.
Lege-proiektua
Gobernuak legegintzarako aurkezten duen ekimena da. Lege bihurtuko bada, Diputatuen Kongresuak eta Senatuak landu eta onartu behar dute.
Lege-proposamena
Legegintzarako ekimena da, eta Diputatuen Kongresuak, Senatuak edo autonomia-erkidegoetako parlamentuek aurkez dezakete. Gainera, herriak ere aurkez dezake. Dena dela, lege bihurtuko bada, Diputatuen Kongresuak eta Senatuak eztabaidatu eta bozkatu behar dute.
Mozioa
Senatuak Gobernua norabide jakin batean esku hartzera bultzatzeko tresna nagusia da. Batzorde baten bileran edo osoko bilkuran aurkez daiteke, eta, Senatuak onartu egiten badu, Gobernuak zenbateraino betearazi duen jakinarazi behar du hurrengo sei hilabeteetan.
Osoko bilkura
Senatari guztiek parte har dezaketen bilera formala da.
Parlamentua
Espainiako Gorte Nagusiak dira, eta Diputatuen Kongresuak eta Senatuak eratzen dituzte. Espainiako herria ordezkatzen dute Gorte Nagusiek, Estatuaren botere legegilea erabiltzen dute, Estatuko aurrekontuak onartzen dituzte eta Gobernuaren lana kontrolatzen dute.
Parlamentuko taldeak
Ganberaren barruan interes komunak babesteko elkartzen diren senatari taldeak dira. Taldekide guztiak alderdi politiko berekoak izaten dira, baina alderdi politiko ezberdinetako senatariak ere izan daitezke.
Senataria
Senatuko kidea da. Bi senatari mota daude: senatari batzuk herritarrek hautatzen dituzte, zuzenean, gehiengoan oinarritutako sistema baten bidez, eta beste batzuk, berriz, autonomia-erkidegoetako parlamentuek izendatzen dituzte. Nola hautatzen dituzten gorabehera, batzuek eta besteek eskubide eta betebehar berberak dituzte, eta Espainiako herria ordezkatzen dute guztiek.
Senatua
Diputatuen Kongresuarekin batera, Gorte Nagusiak eratzen ditu. “Goi Ganbera” edo “Lurraldeen Ordezkaritza Ganbera” ere esaten zaio. Kongresuak bezala, Konstituzioak Gorte Nagusiei egokitzen dizkien funtzioak betetzen ditu: Estatuko legeak prestatzen parte hartzen du, Estatuko aurrekontuak onartzen ditu eta Gobernuaren lana kontrolatzen du.
Senatuko lehendakaria
Senatuko agintari nagusia da, eta haren ordezkaria. Lanak behar bezala aurrera egitea ziurtatzen du, eztabaida zuzentzen eta antolatzen du eta diziplina-neurri parlamentarioak hartzen ditu. Ganbera eratzeko saioan aukeratzen da, Ganberako kideen botoen gehiengo absolutuaren bidez.
Senatuko Mahaia
Senatuaren lana zuzentzen eta antolatzen duen organoa da. Lehendakariak, bi lehendakariordek eta lau idazkarik osatzen dute, eta Ganbera eratzeko saioan aukeratzen da, legealdi bakoitzerako.
Zuzenketa
Batzorde baten bileretan edo senatari guztien osoko bilkuran eztabaidatzen ari den lege bat aldatzeko proposamena da. Bi zuzenketa mota daude: osokoak testu osoaren egokitasunari buruzkoak dira, eta zatikoak, berriz, testuaren zati jakin batzuk aldatzekoak. Zuzenketak bozkatu egin behar dira, eta, onartzen badira, testua osatzen dute.