Lexikoa

Agintaldia
Agintaldia da, zenbat denborarako hautatzen den senatari bat, denboraldi horrek irauten duena. Normalena da agintaldiak lau urtekoak izatea, baina baliteke gutxiago irautea, litekeena da-eta Gobernuak aldez aurretik desegitea Senatua.
Batzordea
Gai jakin batean adituak diren senatariek osatutako lan-taldeak dira batzordeak, eta eztabaidatzeaz, Gobernua kontrolatzeaz eta legeak prestatzen parte hartzeaz arduratzen dira. Parlamentuko talde guztiek dituzte ordezkariak batzordeetan.
Bozketa
Zer aukera nahi edo nahiago den adierazteko prozesua da. Herritarrek bozkatzen dutenean, beren ordezkariak hautatzen dituzte, zenbait hautagairen artetik. Senatariek bozkatzen dutenean, berriz, beren iritzia ematen dute, eta erabakitzen laguntzen dute. Bozkatzeko modu asko daude: boto-txartelak, eskua altxatzea, boto elektronikoa... Era berean, gauza asko adieraz daitezke botoaren bitartez: ekimen baten alde egotea, kontra egotea, abstentzioa, kargu baterako aukeratzen den hautagaia... Azkenik, erabakiak onartzeko beharrezko gehiengoa askotarikoa izan daiteke: soila, absolutua, indartua...
Diputatuen Kongresua
Senatuarekin batera, Gorte Nagusiak osatzen ditu. “Behe Ganbera” ere esaten zaio, eta sufragio unibertsal, aske, berdin, zuzeneko eta sekretu bidez hautatutako 300 diputatuk osatzen dute gutxienez, eta 400ek gehienez. Estatuko legeak prestatzen parte hartzen du, Estatuko aurrekontuak onartzen ditu, Gobernuaren lana kontrolatzen du eta Gobernuko presidentea hautatzen du, eta presidenteari babesa kendu ere egin dezake.
Gobernua
Estatuaren barne- eta kanpo-politika, administrazio zibila eta militarra eta defentsa zuzentzen ditu. Funtzio betearazlea du, eta araudiak emateko eskumena du, Konstituzioarekin eta legeekin bat. Gobernuko presidenteak Diputatuen Kongresuko kideen babesa lortu behar du, eta, ondoren, presidenteordeak eta ministroak izendatzen ditu.
Gobernua kontrolatzea
Senatuak informazioa eska diezaioke Gobernuari, haren lana azter dezake, eta norabide jakin batean esku hartzeko eska diezaioke. Gobernua kontrolatzeko biderik ohikoena senatarien galderak dira.
Gorte Nagusiak
Espainiako Parlamentua da, eta Diputatuen Kongresuak eta Senatuak eratzen dute. Espainiako herria ordezkatzen du Parlamentuak, Estatuaren botere legegilea erabiltzen du, Estatuko aurrekontuak onartzen ditu eta Gobernuaren lana kontrolatzen du.
Hauteskundeak
Sistema demokratikoen barruan dauden herritarrek beren ordezkariak hautatzeko (bozkatzeko) prozesua da. 18 urtetik gorakoek bozka dezakete, eta hautagaiek 18 urte izan behar dituzte gutxienez.
Hemizikloa
Senatariek bertan egiten dituzte Senatuko osoko bilkurak, eta bakoitza aulki batean esertzen da. Zirkuluerdi-formakoa da hemizikloa, eta horrexegatik du izena horrela. Lehen ilaran, banku urdina dago: Gobernuko kideen bankua.
Legea
Arau nagusia da, herritarrek hautatutako ordezkariek hartzen baitute parte legeak prestatzen eta onartzen. Muga bakarra du: Konstituzioa errespetatu behar izatea. Herritar eta botere publiko guztiek bete behar dituzte legeak.
Osoko bilkura
Senatari guztiek parte har dezaketen bilera formala da.
Parlamentua
Espainiako Gorte Nagusiak dira, eta Diputatuen Kongresuak eta Senatuak eratzen dituzte. Espainiako herria ordezkatzen dute Gorte Nagusiek, Estatuaren botere legegilea erabiltzen dute, Estatuko aurrekontuak onartzen dituzte eta Gobernuaren lana kontrolatzen dute.
Senataria
Senatuko kidea da. Bi senatari mota daude: senatari batzuk herritarrek hautatzen dituzte, zuzenean, gehiengoan oinarritutako sistema baten bidez, eta beste batzuk, berriz, autonomia-erkidegoetako parlamentuek izendatzen dituzte. Nola hautatzen dituzten gorabehera, batzuek eta besteek eskubide eta betebehar berberak dituzte, eta Espainiako herria ordezkatzen dute guztiek.
Senatua
Diputatuen Kongresuarekin batera, Gorte Nagusiak eratzen ditu. “Goi Ganbera” edo “Lurraldeen Ordezkaritza Ganbera” ere esaten zaio. Kongresuak bezala, Konstituzioak Gorte Nagusiei egokitzen dizkien funtzioak betetzen ditu: Estatuko legeak prestatzen parte hartzen du, Estatuko aurrekontuak onartzen ditu eta Gobernuaren lana kontrolatzen du.
Senatuko lehendakaria
Senatuko agintari nagusia da, eta haren ordezkaria. Lanak behar bezala aurrera egitea ziurtatzen du, eztabaida zuzentzen eta antolatzen du eta diziplina-neurri parlamentarioak hartzen ditu. Ganbera eratzeko saioan aukeratzen da, Ganberako kideen botoen gehiengo absolutuaren bidez.
Zuzenketa
Batzorde baten bileretan edo senatari guztien osoko bilkuran eztabaidatzen ari den lege bat aldatzeko proposamena da. Bi zuzenketa mota daude: osokoak testu osoaren egokitasunari buruzkoak dira, eta zatikoak, berriz, testuaren zati jakin batzuk aldatzekoak. Zuzenketak bozkatu egin behar dira, eta, onartzen badira, testua osatzen dute.